XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Alto, mutiko! Geldi hortxe! Bestela hi ere tiroz joko haut - eta aidera disparatu ondoren mutikoa izutzeko, hurbildu zen Pellorengana, beldurrik ez edukitzeko esanaz, ihes egiten ez bazuen ez zuela hilko-eta.

Bertaratu zenean esan zion: - Ikusitakorik ez dezakala ezer esan hire bizian.

Bestela hilko haut!.

- Ez, ez, ez diot inori esango - erantzun zion dardara batean mutiko gizajoa -, ez horren beldur izan.

- Hil behar hinduket, segur egoteko.

Baina, pena ematen didak.

Beraz, hil nahi ez baduk, zin egin iezadak, ez hire aitari, ez hire amari, ez inor etxekori, ez lagunei, ez diekela kontatuko ikusitakoa.

- Zin egiten dizut.

- Hala hobe. Zeren salatzen banauk, ni harrapatua izan baino lehen hilko haut.

Ez duk ihes egingo neure hatzaparretatik.

Mutikoak dardaraz pasatua: - Bai, Joxe-Martin, egon zaitez lasai.

Ez diot konfetsoreari ere esango.

Nire bizia zeuk uste baino estimu haundiagotan baitaukat.

- Segi, ba; hoa etxera eta ez aurpegi izuturik jarri etxekoen aurrean.

Hi natural. Ezer gertatu ez balitz bezala.

- Hala eginen dut, baina utz nazazu bizirik Jaungoikoaren izenean - otoi egin zion Pellok gartsuki.